Zuen egunkarian Martxel Toledok emandako iritziaren harira, zehazpen batzuk egin nahi nituzke:

Egia da Telebistak , komunikabide legez, indarra hartu zuenetik, eliteko kirolek itzelezko garrantzia hartu dutela, gizonezkoen arloan behinik behin. Futbolarekin gertatu da, txirrindularitzarekin ere bai eta, azken aldian, baita automobilismoarekin ere.

Horrelako ekitaldietan gertatzen den moduan, honetan ere egoerak masifikazioa eragin du eta, egunetik egunera, gero eta hobeto antzeman dezakegu zaleen edo jarraitzaileen artean badagoela gutxiengo bat bere burua kontrolatzeko gai ez dena.

Baina edozelan ere, gauza bat argitu beharko genuke, alegia, benetako txirrindulari zaleek, uneko beroaldia gaindituz, karrerista guztiak errespetatzen dituztela, eta berdin errespetatzen dituzte gainontzeko ikusle-zaleak edozein lasterketa ikusten joaten direnean. Bestelako kiroletan ere, horrela delakoan nago.

Zorionez, Leblanc jaunaren zoritxarrerako, asteburuetako Pirinioetako etapak astegunetara aldatu arren, benetako zaleok berdin-berdin joango gara. Lanean baimenak eskatu edo oporretako egunak hartu eta kito.

Nazio statusa aldarrikatzen lan neka ezinean diharduten Martxelen modukoei ez liekete kantitatea horrenbeste axola beharko, kalitatea baizik.   Tourra erreferentzia garrantzitsua da Euskal Herria munduan barrena ezagutarazi eta aldarrikatzeko. Baina ez da ezinbestekoa den-denak hara joatea. Martxelek ondo azaldu duenez, egiazko euskal zaleok beti izan eta izango gara bide ertzean hemengo txirrindulariei arnasa ematen lasterketa hemen, hor edo han bada ere.

Halaber, garrantzitsua da euskal taldeak irudi hobea ematea, bera eta bere txirrindulariak baitira Tourraren benetako protagonistak. Eman duten maila dela eta, nire iritzi apala adierazi nahi nuke. Gai honi buruz, iradokizun bat bidali gura nieke Euskaltel-Euskadi taldekoei, alegia, denok ezagutzen ditugun Discovery taldearen jarrerak eta prestakuntza metodoak har ditzatela eredutzat, argi erakusten baitituzte gaitasuna eta profesionaltasuna. Ez diogu gure taldeari eskatzen Tourra irabazteko, baina bai bere kategoriako talde bati eskatzen zaion irudia emateko.

Ez nau harritzen Armstrong-en taldeak 7 Tour irabazteak; izan ere, bere arrakastaren oinarriak hiru dira eta denentzat dira baliogarriak: gaitasuna, plangintza egokia eta etengabeko lana. Eliteko txirrindulariei exigitu dakiekeen minimoa da.

 

 

Agus Ruiz Larringan – Iurreta, 2005eko uztailaren 29a

EHNA: J9689992T

 

 

tidyhtml
Euskera Castellano Français English Home